XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zein irudi ederra zen hura, oraindio gogoan dut nik.

- Eguzkiak goizeko lehen herena egin du, adiskideek; atseden egiteko tenorea da esan zuen maisuak, eta han utzi gintuen, biok bakarrik.

Erlojurik gabe zekien jakintsu hark orduaren berri, eguzkiaren okerdurari erreparatuz igarrita, besterik gabe.

Benaz egin zuen kanpora berak, eta orduan nik mapa ikustera jo nuen, arrapaladan, Martin niri begira zutik zela, irribarrea ezpainertzean.

Arrantzaleen semea nintzen, eta orain munduko bazterrak ezagutzen ditudala esan dezakedan arren, artean mundurik ikusi gabekoa nintzen, ume gorria kasik, eta gizalegeak agintzen omen dituen protokoloetan hezitu gabe nengoen.

Haatik, amorruaren amorruaz zainak haginkatu gabe, nork eutsiko zion nik orduan nuenaren adinako jakinminari?

Gaitz da azaltzen mapa harrigarri haren tankera; horman eskegia zen irudian zilipurdikari baten buruaren antzekoa ageri zen; zilipurdikariak halako kapelu bat zuen buruan, erdia horia eta bestea erdia gorria.

Zilipurdikariak, eta hara hemen haren alderdirik durduzgarriena, begiak, ahoa, sudurra eta beste hazpegiak agertu beharreko lekuetan munduaren irudi-zatiak zituen lekutuak.

Zintzurra egingo nuke, bai, etorriarekin batera ironia zorrotz batek eragin ziola mundua zilipurdikariaren irudiari alderatzea, zeren eta, orain arte dakigunaren arabera, zer besterik da gure mundu hau, maskara-dantza hutsa ez bada?

- Horko ezkerrekoak latinez idatziak dituk Martinek atera ninduen liluramendutik, egia baitzen maparen ertzean izkiriaturikoa entelegatu guran niharduela; hik ez dakik tutik ere latinez, ezta?

Ikasiko duk, ba.

Hasteko hor izkiriaturik dena...

Latina ganoraz inoiz ikasi ez badut ere, zilipurdikariaren burua baino ezkerretarago ziren berbak edonoren garunak nahasteko gai omen ziren.